Emakumeak folk-musikan

Emakumeak folk-musikan 2019-11-30T10:40:04+01:00

Emakumeak folk-musikan

Aire ahizpak taldearen elkarrizketa

Asteburu honetan folk, herrikoi-musika eta gabon-musika Vitoria-Gasteizen VII.Aitzina Folk jaialdiarekin. Aire Ahizpak hirukotek “Emakumeak Folk Musikan” atala irekiko du, jaialdiaren lehenengo kontzertua. Izango da Oihaneder Euskararen Etxea azaroaren 30n 20:30etan. Urepeleko ahizpak, Miren, Amaia eta Paxkalinek 25 urte abesten daramatzate EuskalHerriko hiri eta herrietan. Beraien abestiak: Xabier Lete, Benito Lertxundi, Mikel Laboa edo Lourdes Iriondoenak, eta batez ere bere aiton ospetsua Xalbadorren bertsoak. Gonbidapenak agortu dira

 Emakumezkoen hirukoten Amaia elkarrizketatu dugu.

Zergaitik elkarrekin abesten hasi zineten? 

Gure eskualdean eta herrian ez ezik, etxean ere kantu giroa ttipitatik bizi izan dugu. Gainera, aita bertsularia izateaz gain ama arras kantari ona da. Haurrak ginelarik, oroitzen naiz, etxean hiru ahizpak kantuz aritzen ginela, ardura, amarekin.

 

Nola garatu da zuen karrera azken urtetan?

Lehen kantaldia kasualitatez egin genuen. Gure osaba bat, Daniel Xalbador, kantuz aritzeko hitza emana zen Makea herrian. Azken orduan arazo bat izan zuen, eta ezin joanez gelditu zen. Hala, guri galdegin zigun ea prest ginen haren ordezkatzeko, eta guk, baietza eman genion. Hala egin genuen gure lehen kantaldia, 1994an. Gero, herri batetik eta bestetik galdeak hasi ziren, eta kasik oharkabe, herriz herri kantuz ibili ginen zenbait urtez, batez ere Behe Nafarroan, Xiberuan eta Lapurdin, baina hegoaldean ere bai noizbehinka. 2014an diska bat egitera animatu gintuzten BIlboko Kafe Antzokiko lagunek, eta hala, gure ibilbideko zenbait kantu grabatuak gelditu ziren.

 

Zuen aita eta aitonaren musikaz gain, nork eragin du zuen musikan?

Batez ere kantagintza herrikoiaren iturritik edan dugu, eta nola ez iparraldeko kantari zaharretatik. Baina horrez gain, euskal kantagintza berria ekarri zuen Ez Dok Hamahiru taldeak ere asko markatu du gure kantua, eta kantatzeko manera, bereziki, Lurdes Iriondo, Xabier Lete eta Mikel Laboak.

 

Zein izan da zuen erronka nagusia urte hauetan?

Guk kantua ez dugu ariketa estetiko edo erromantiko bat bezala bakarrik ulertzen, herri baten eta kultura baten adieraz molde eta iraupenerako tresna bezala baizik. Motibazio,eta sentimendu horretatik ere kantatzen dugu gure kantu bakoitza. Erran nahi baita, melodiak bezain bat garrantzia dutela kantatzen diren hitzek, beren esan nahi eta esan ezinekin. Gure iparraldean, kantugintza folklore hutserako instrumenatlizatua izateko arriskuaren aurrean, guk, kantua bere zentzu guztietan bizirik atxikitzeko egin dugu ahalegina. Alegia, biziraupen borrokan den hizkuntza eta herri bati hatsa ematen segitzeko bide bat da gure kantua.

 

Bakoitzak bere ahotsa dauka taldean, baina eginkizuna desberdiña ere?

Talde bereko kantariak izan baino lehen ahizpak gara, bat zaharrena, bestea tartekoa, eta azkena gazteena. Beraz, hirukotearen baitan bakoitzak duen kokapena, edo rola, ez da artistikoki erabakitako zerbait, bizitzan zehar ikasi eta ondutako zerbait baizik. Etxean, sortu orduko bilatu behar izan zuen bakoitzak bere tonalitatea.

 

folk-musika munduan zaila da nabarmentzea emakumeentzat?

Emakumeen munduan desmarkatzea zaila ote den ez dakit, zaila dena mundua bera da emakumeentzat. Ez delako emakumea libre eta airoso ibili dadin pentsatua. Praktikoki, gu hiruak amak gara, eta horrek berak asko zailtzen du guk kantaldien erritmoari segitzea, beti uztartu behar dugulako plazako ardura, etxekoarekin.

 

Zer egin beharko genuke folk-kultura zabaltzen jarraitzeko?

Kultura herrikoia zabaltzeko garrantzitsuena, agian, herrikoi adjektibo hori baztertzea da. Badirudi bi kultura direla, Kultura, lehen mailakoa, adjektiborik behar ez duena, eta kultura herrikoia, bigarren mailakoa, txokokoa, horregatik maitatua. Definizio horiek arriskutsuak dira, eta dominazio politiko eta kultural bati erantzuten diote. Kultura herrikoia zabaltzeko inportanteena lehenik, Kultura kontsideratzea da, eta noranahikoa izan daitekeela ulertzea.

 

colabora1
colabora2
colabora3
colabora4