Loading Events

 


Erosi hemen zure sarrerak

 

 

ALOS QUARTET 20 urte & LAGUNAK ( Oreka TX, Aukeran Dantza Konpainia, Amaia Elizaran…)

Alos Quartet musika estilo besterenezin baten jabe bihurtu da azken hogei urteotan, merezimendu osoz. Saloia eta herriko plaza, musika klasikoa zein herrikoia, palazzoaren ateko alde biak aintzakotzat hartu eta komunikatzean datza haien bertuteetako bat. Erraztasun berarekin garamatzate paisaje nordikoetara zein dantza areto farfailatsuetara, noiz entzulea sakonki hunkituz noiz zainetan barrena halako euforia abiarazle bat eragin eta brinkoka hastera gonbidatuz. Lehen lanetako trinkotasuna galdu gabe, zabaldu egin dute, diskorik disko, jolaserako grina eta bilaketarako malgutasuna. Ez da harritzekoa film zuzendariek eta eskenarako egitasmoen sustatzaileek haiengana jo izana, melodietako askok lurra utziz entzulea mundu iradokikorretara eramateko berealdiko gaitasuna baitute. Dramatismoa azpimarratu eta erabaki latzak hartzear dauden pertsonaien larruan sentiarazten gaituzte batzuetan melodía hauek (demagun, Oskorria).

Ekintzarako, dantzarako edo hausnarketarako tenorea sortzeko gaitasuna izatea, ez dira meritu makalak horiek. Zer esanik ez hiruak batera erdiestea.

Bere laugarren diskoaren aurkezpena Aitzina Folk jaialdian:

L A U (Alos 2019) Alos Quartetek –Xabier Zeberio, Lorena Núñez, Francisco Herrero eta Iván Carmonaamaitu berri du bere disko berriaren grabaketa, Lau (Alos Quartet 2019). 16 pieza biltzen ditu diskoak, batzuk doinu ezagunen berrinterpretazioak, gehienak berriak, Xabier Zeberiok konposatuak eta moldatuak. Denek dute soinu borobila, eta taldearen ezaugarrietako bat den ohiko kolorea eta diamismo orekatua. Alosen ibilbidean aurrerapauso berria da, orain arte erakutsi duten kalitatea sendotzen duena eta momentu paregabean kokatzen dituena, laukotearen sorreratik 20 urte betetzen direnean gure musikaren enbaxadore bikainak direla azalduz. Lau grabatzeko, taldeak Iñigo Egia izan du lagun perkusiotan, Iván Alzate baxuan eta Aitor Etxebarria (El_Txef_A) programaziotan. Hauetaz gain, Oreka Tx-ren txalaparta, Izaroren ahots berezia, Juan Carlos Cambas argentinarraren pianoa, Enrique Solinísen antzinako tresnen maisutasuna eta Pablo Martín Camineroren kontrabaxua ere puntualki batzen zaizkio taldeari. Oi Pello, Pello abesti herrikoiaren berrinterpretazioan, gainera, Mikel Laboaren lekeitio bat ere entzun daiteke. Ohikoa den bezala, taldeak Jean Phocas soinu teknikariarekin lan egin du, eta oraingoan Mikel F. Krutzagak masterizatu du lana.

 

Alos-Quartet